KONTZERTU, HITZALDIAK ETA BIZIKLETA IBILALDIA EMAKUMEEN ASTEAN

Emakumeen Astearen egitarauak ekitaldi anitz hartuko ditu: antzezlan eta kontzertu bana, hitzaldiak eta bizikleta ibilaldia, besteak beste. Martxoaren 8an abiatuko da, “El feeling es asi” umorezko saioaren eskutik. Berango Antzokian izango da emanaldia.

Martxoaren 9an solasaldia egongo da Berangoetako kultur etxean, 18:30ean. Giza harremanei, besteei diegun maitasunari eta, gehien bat, akatsak elkarri barkatzen jakiteari buruz hitz egingo digu Karmele Jaiok. Zilarrezko Euskadi, Zazpikale eta Beterriko Liburua sariak eskuratu ditu idazleak. “Las manos de mi madre” liburuan bi belaunaldi ezberdinekoak diren bi emakumeei buruz dihardu.

Hurrengo egunean zine forum saioa izango da Berangoetako kultur etxean. “El circulo” proiektatuko dute 18:30ean. Patriarkatuak emakumeen bizitzan darabilen indarkeria estrukturala ezagutzen laguntzen du pelikulak. Horretaz gain, biolentzia horri aurre egiteko baliabide positiboak erakusten ditu, baita hainbat emakume abortatzera edo beraien seme-alabak abandonatzera bultzatzen dituzten egoerak saihesten ere.

Martxoaren 11n, arpa eta biola kontzertua eskainiko dute Cristina Sanchez Cuetarak eta Amaia Reyk, Berango Merana ikastetxean, arratsaldeko seietan. Emakumeen bigarren herri bazkaria hurrengo egunean izango da pilotalekuan, berogailua eta guzti. Bertan, emakumezkoen elkarteko kideek eta Nagusien Etxeko andreek tailerretan egindako eskulanak egongo dira ikusgai. Horretaz gain, bi kolektiboetako abesbatzek emanaldia eskaintzea aurreikusi dute, "street" ikastaroak parte hartu duten neskatoen dantza ikuskizunarekin batera. Dantzagarriak ere izango dira. Nabarmendu behar da herritar guztiei zabalduko dizkietela frontoiko ateak, 17:30etik aurrera.
Martxoaren 13an Emakumeen Kultur Elkarteak antolatutako bizikleta martxa egongo da. Goizeko hamarretan abiatuko dira Emakumeen Etxetik. Berangoko inguruetan bi orduz ibili ostean, luncha izango dute.
Egitarauari martxoaren 14an emango diote bukaera, “Adicciones no toxicas” hitzaldiaren bitartez. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, Berangoko kultur etxean. Janaria, erosketak, jokoa edota kirola bezalako menpekotasunak ulertzen, antzematen eta aurre egiteko ahalmena eman nahi diete emakumeei.